>>>>>>>>>

Euskal preso politikoen argazkiei tiroka bideo batean
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak oharra kalera du eta azalpenak eskatu ditu bideoaren inguruan. Ikusi bideoa.
Euskal preso politikoen argazkiei tiroka. Errepresio mugagabearen azken adibidea.
Euskal preso politikoen argazkiak nola tirokatzen dituzten erakusten duen bideoa dabil sarean. Orain dela urtebetekoa izan arren, egun bizi dugu giro errepresiboaren neurria ondo erakusten duen azken adibidea delakoan gaude. Amnistiaren Aldeko Mugimendutik honako gogoeta egiten dugu bideo honen inguruan:
Gure aldetik uste osoa dugu tiroka agertzen diren pertsona horiek espainiar poliziak direla. Euskal preso politikoen argazkiak kendu eta beraien tiro praktiketan erabili dituzte, bideoan ondo ageri den bezala.
Euskal preso politikoen aurka elikatzen ari diren gorrotoaren eta mendekuzko jarreraren erakuslea da bideoa. Euskal preso politikoen aurka guztiak balio du; biziarteko zigorra ezartzea, minbiziarekin espetxean mantentzea, jipoiak ematea, bakartzea, ehunaka kilometrotara sakabanatua izatea. Kasu honetan presoak tirokatzeak ere balio duenaren ideia da bideoak ematen duena.
Gerra zikinaz hitz egiten ari gara azken hilabeteotan, gerra zikina egon badagoelako. Gogoratu behar dugu salatu diren lau bahiketetatik bi euskal preso politiko ohien aurkakoak izan direla (Alain Berastegi eta Lander Fernandez) eta desagertua dagoen Jon Anza ere euskal preso politiko ohia dela. Mota honetako bideoak gerra zikina bultzatzera datozela uste dugu, espainiar gobernuaren bulegoetan marraztu eta aparatu polizialekin edo elementu faxistekin eskuz esku aurrera eramaten ari den gerra zikina hain zuzen ere.
Espainiar eta frantziar gobernuek aurrera daramaten errepresio estrategia intentsitatez igotzen eta eremu berrietara zabaltzen ari da. Disidentzia politikoaren aurrean egiten duten eskaintza bakarra espetxea, tortura, polizia bortizkeria, legez kanporatzea, debekua eta gerra zikina dira. Zentzu honetan, disidentzia politikoaren aurka denak balio duen giro bat sortu dute Euskal Herrian, non poliziek nahi bezala jotzen dituzten herritarrak, non eraso faxistak ugaritzen ari diren, non presoekiko elkartasuna gogotik zigortua den. Benetako salbuespen egoera da hemen ezarri dutena.
Rodolfo Ares eta Elma Saiz poliziaburuek argitu beharko lukete beraien poliziek zer egiten duten euskal preso politikoen argazkiak kendu eta beraiekin eramaten dituztenean, eta ea jarduera hauek ohikoak diren beraien mende daude polizia gorputzetan.
Faxismoaren eta gerra zikinaren aurrean mobilizatzera eta presio indartzera deitzen ditugu herritarrak.